XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Apal batetik emakumeak postordainez erosketak egiteko katalogo bat hartu eta orri batzuk kendu eta Templeri eman zizkion.

Ikuilura joan beharko duzu guk bezala.

- Ikuilura joan beharko dudala?- esan zuen Templek papera hartuz.

- Denak joanak dira, ez dira eguerdira arte itzuliko.

- Jakina - esan zuen Templek.

Ikuilura.

- Ikuilura, bai - esan zuen emakumeak.

Horretarako finegia ez bazara behintzat.

- Ondo da - esan zuen Templek.

Kanpora begiratu zuen, sasiz jositako soroa baino haruntzago.

Zedroen ilunguneen artean baratza eguzkitan diztiratsu ageri zen.

Abrigoa eta sonbreroa jantzita ikuilurantz abiatu zen Temple, eskuan zituela orri erauziak, arropak zabaltzeko agarradorez, lehorgailuz eta garbikari irudiz zipriztinduak, eta erdiko trantsitoan sartu zen.

Gelditu eta orriak behin eta berriz tolestatu zituen; gero aurrera segi zuen makurtu eta ezkutuka begirada azkarrak boteaz ganbela hutsei.

Alderik alde pasa zuen ikuilua zuzenean.

Atzekaldean irekia zen eta aurrez-aurre izpiliku multzo bat zeukan, lore zuri eta morez mukurru.

Argitara atera zen berriro, sasietarantz.

Berehala korrika hasi zen oinek lurra ia ikutu orduko altxatuz, belar txarrek arrastadak egiten zizkioten bitartean beren loretzar heze eta kiratsez.

Alanbre-hesi erdoildu eta lasaitu baten bestekaldera igaro eta gero aldapan behera joan zen korrika zuhaitz tartean.

Mendiskaren behekaldean hareazko orbain batek sakan baten bi hegiak erdibitzen zituen, eguzkiak jotzen zuen pareetan diztiragune sail batean bihurrituz.